Artikuluak

Artikuluak (2)

Txertoak

Larunbata, 14 Ekaina 2014 21:18 Written by

 
TXERTAKETA 
 
 Txakurrak osasuntsu izateko zaindu behar den alderdi garrantzitsuenetakoa da txertaketa eta desparasitazio prozesua zuzen eramatea bere bizi guztian.  Gaitz askotarikoetatik babesteko modurik onena da.
 
Txertoaren bidez infekzio naturalaren antzeko erantzun immunologikoa sorrarazten dugu.  Txertoek antigenoak dauzkate, eta horien bidez antigorputzak sortzen ditu txakurraren sistema immunologikoak.
 
Txertoa prebentiboa da, ez du sendatzen, gorputzaren defentsak estimulatzen ditu, eta horiek aurre egiten diote gaitzari. Gaitza inkubazio aldian duten txakurrekin erabiliz gero, kaltegarria izaten da.
 
 
 
MOTAK
 
 Txerto hilak edo aktibatu gabeak eta txerto bizi arinduak daude.  Hautaketa konplikatua izan daiteke.
 
- Txerto aktibatu gabea. Mikroorganismo aktibatu gabeak eramaten ditu, ezaugarri antigenikoak mantentzen dituztenak.
 
Bi abantaila ditu: erabiltzeko segurua da eta produktua errazago iraunarazten da.
 
- Txerto arindua. Mikroorganismo biziak eramaten ditu, animaliarengan erantzun immunea izan dezaketenak gaitzik sortu gabe, birulentzia arindua baitago kalterik ez sortzeko.
 
Kontu handiz ibili behar da garraiatzean eta kontserbatzean, hotzetan mantendu behar da mikroorganismoa hil ez dadin.
 
Teorikoki txerto bizi aldatuak gaitza sortzera irits litezke ahul dabiltzan animalietan.
 
Amorruaren aurkako birus arindua ez erabiltzeko arrazoietako bat da birusak leheneratzeko duen ahalmena, birus arindu bat lehengo egoerara itzul baitaiteke eta balizko mutazio horrek zoritxar bat ekar baitezake.
 
 
 
ADINA
 
 
Txakurkumearen txertatze adina erabakitzeko, hainbat faktore hartu behar ditugu kontuan.  Txakurkumeak jaiotzetik beretik dauzka defentsak, amari esker.  Amarengandik hartzen dituen antigorputzen % 10 plazentaren bidez iristen zaizkio, ernaldian.  Erditu ondoren, txakurkumeak amarengandik hartzen dituen antigorputzen % 90 oritzaren bidez hartzen ditu, lehenbiziko 72 orduetan.
 
Eme umeduna ez da txertatu behar (ezinbesteko kasuetan aktibatu gabeko birus bat erabili behar da).  Onena izango litzateke ama izan baino urtebete baino gutxiago txertatua egotea eta estalketa baino gutxienez 15 egun lehenago.   Umealdi berean aldaketak egon ohi dira kume bakoitzak duen antigorputz kopuruan.   Kume ugariagoko umealdietan jaiotzen direnek antigorputz gutxiago eduki ohi dute.   Amarengandik jasotzen diren antigorputzak eragingarriak dira batez ere bizitzako lehen bi hilabeteetan, eta gero desagertzen joaten dira.
 
Txakurkumea zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta gutxiago garatuta izango du sistema immunologikoa, eta defentsak sortzeko ahalmen txikiagoa izango du.  Adin desberdinetan sartutako txertoak erantzun desberdina izaten du, zenbat eta gazteago izan, defentsa kopuru txikiagoa.
 
Badago garai kritiko bat, amarengandik jasotako antigorputzak murrizten joaten direna eta txertoa erabat eragingarria ez dena, txakurkumearen sistema immunologikoa ez dago-eta guztiz garatuta.
 
Lehenbiziko txertoa goizegi jarriz gero, babestu baino gehiago arriskua sortzen du.    Lehenbiziko txertoa jartzeko gutxienez 6 aste eduki behar dira.  Lehenbiziko txertoa jarria duen txakurkume bat ematen badigute (hori abantaila dela iruditzen zaigu), kaltegarria izan daiteke txertoa jarri dioten adinaren arabera.
 
Albaitari guztiok ez ditugu txertatzeko jarraibide berak jarraitzen eta denok ez ditugu txerto mota berak erabiltzen.
 
Txakurkumeari jarriko zaion txerto kopurua erabakitzeko, kontuan izan behar da lehenbiziko txertoa zer adinetan jarri zaion.  2 edo 3 txerto izan ohi dira, batetik bestera 3 edo 4 asteko tartea utzita.  Lehenbizikoa 6 asterekin jartzen badiogu, 3 dosi izango dira denera.  Lehenengo txertoa 8. astetik aurrera jartzen badiogu, bi dosi izan daitezke.   Txakurkumeak 16 aste edo gehiago baldin baditu, nahikoa da dosi bakar bat emanda.
 
Txertoa jarri ondoren, animaliaren gorputzak benetako infekzio bat balitz bezala erantzuten du, eta bi aste inguru beharko ditu txertoa hartu duen gaitz horrekiko immunitatea garatzeko.  Txakurkume bat benetan babestua dago bigarren txertoa jartzen zaionetik bi aste igarotzen direnean.
 
Lehenbiziko txertoa mikroorganismo bizi aldatuak dituena izatea komeni da, amarengandik datozkion antigorputzak gainditu ahal izateko (aktibatu gabeko txertoak sentiberagoak dira haiekiko), baina txerto horiek ezin zaizkie jarri gaixorik edo ahuldurik dauden animaliei.   Horregatik da beti beharrezkoa azterketa orokor bat egitea eta txertoa jarri aurretik baieztatzea barnean ez duela inolako parasitorik.
 
Oroitzapen dosiak jartzea beharrezkoa da txakurra bizi den bitartean,  gaixotasun infekziosoetatik babestuta jarraitzeko.
 
 
 
TXERTOAREN AKATSA
 
 
Teorikoki ondo txertaturik dagoen txakurkume bat baliteke ondo babesturik ez gelditzea eta gaixotzea.  Hori txertoaren akatsa izango litzateke.  Hainbat faktorek eragina izan dezakete txertoaren erantzunean eta haren efektua murriztu.
 
Balizko kausak:
 
-Blokatzea,  amarengandik jasotako antigorputzak dituelako.
 
-Txertoari erantzuteko ezintasuna hipotermiagatik, sukarragatik edo immunitatea kentzeagatik.
 
- Beste gaitz batzuekin ahuldutako animaliek defentsak baxu izaten dituzte eta ez dira egoki immunizatzen.
 
- Kumea txertoa jarri diogun gaixotasun hori bera inkubatzen aritzeagatik.
 
-Parasitoak edukiz gero, txertoaren eragina murriztu egin daiteke.  Nahitaezkoa da aurrez parasitoak hiltzea.
 
- Produktua desegoki erabiltzea edo desegoki ematea.  Txertoak argitatik babestuta eduki behar dira eta 2-8ºC artean.  Izoztea saihestu behar da.   Xiringak esterila izan behar du.
 
 
 
 
GAIXOTASUNAK
 
 
Gaixotasun hauen aurkako txertoak dira ohikoenak:
 
Mukieria
 
Hepatitisa
 
Leptospirosia
 
Parvovirosia
 
Bronkitis infekziosoa (Txakurtegietako eztula)
 
Amorrua
 
 
 
ZEHARKAKO EFEKTUAK
 
Txertoek, oso ohikoa ez bada ere, erreakzio anafilaktikoren bat sor dezakete.      Txakurrak aurpegia eta belarriak handituta izan ditzake, begiak erabat itxita izatera ere irits daiteke betazal edemarengatik, eta eztarria ere handitzen bazaio, zailtasunak izan ditzake arnasa hartzeko.    Albaitariarenera joan behar da lehenbailehen, tratamendua behar du eta.
 
Txertoren batek hantura sor dezake ziztada eman den gunean.  Noduluren bat sortzen bada, ez da mingarria izaten eta aste gutxitan desagertuko da.
 
Normalean, txertoa hartu duen txakurrak ez du inolako sintomarik izaten.  Egun horretan litekeena da gutxiago mugitzea, tristeago egotea, baina ez da ohikoena.
 
Txakurra txerto bidez babestearen onura handiagoa da albo ondorioen arriskua baino.
 
www.Nekotz.com

Ekainak eta Babesiosia

Larunbata, 14 Ekaina 2014 21:16 Written by
AKAINAK ETA BABESIOSIA 
 
Akain espezie desberdinak daude, lurralde batzuetan oso ugariak direnak edo ez hain ugariak beste batzuetan, eta gehiago erasaten dutenak urtaroaren arabera.
 
Gure lurraldean akainak ugariagoak izaten dira udazkenean eta neguan, eta akainen bidez sortzen den gaixotasunik ohikoena babesiosia edo piroplasmosia izaten da.
 
Akainak odola xurgatzen dio babesiak jota dagoen animaliari, parasitoa akainaren barnean ugaltzen da, eta honek beste animalia bati heltzen dionean, parasitoak odolean sartzen dizkio.     Babesiak globulu gorrietan barneratzen dira, hautsi egiten dituzte eta anemia bat sorrarazten dute, hilgarria izatera ere irits daitekeena garaiz tratatzen ez bada.
 
Litekeena da, hasiera batean, gaixotasunaren sintomak oso argiak ez izatea.  Zakurra triste egoten da, jateko gogoa galtzen joaten da pixkanaka, eta ondo begiratuz gero, ikusiko dugu gernu ilunagoa egiten duela.    Anemia duela antzeman daiteke muki zurbiletatik.  Babesiek, anemiaz gainera, beste alterazio batzuk ere eragin ditzakete, barean eta gibelean, bereziki.
 
Tratamendua garaiz hasten bada, animalia azkar sendatzen da, baina gaitza zabalduta dagoela ekiten bazaio tratamenduari, baliteke odol transfusioak behar izatea, eta animalia hil ere egin daiteke.
 
Badaude akainen bidez sortzen diren gaitz parasitario eta bakteriano gehiago ere:  ehrlichiosia, borreliosia, hepatozoonosi… baina babesiosia da ohikoena gure inguruan.
 
Zakur jabe askok ohitura dute animaliaren ilean aurkitzen dituzten akainak kentzeko. Akaina helduta eta larruazalari itsatsita badago, litekeena da dagoeneko agente patogenoak barneratuta izatea zakurraren odol korrontera, eta, kasu horretan, txakurra gaixotu egingo da.
 
Infestazioa saihestea izango litzateke egokiena, heltzen ez uztea, eta, era horretan, gaitza kutsa dezan ekiditea.    Horretarako, produktu asko dauzkagu merkatuan.  Lepoko batzuk eta pipeta batzuk oso eragingarriak dira, baina akainen aurka egiteko oso baliagarriak direla adierazten duten produktu guztiak ez dira egokiak. Hori dela eta, intsektiziden eraginkortasuna ezagutzen duen profesional baten aholkuak jasotzea komeni da.
 
Akain bat eskuz kentzen dugunean, kontuz ibili behar dugu gorputza ez zapaltzeko eta likido kaltegarriren batekin ez bustitzeko; izan ere, estimulatu egiten da agente patogenoz beteriko listu-guruina zakurrari barneratzeko.   Akaina osorik ateratzen saiatu behar dugu, "burua" (aho ingurua) larruazalean utzi gabe, eta gune horretan infekziorik sorrarazi gabe. Beraz, larruazala desinfektatu egin behar da akaina kendu ondoren.   Egoki aterata ere, ohikoa izaten da koskor bat sortzea; denbora behar izaten du biguntzeko eta desagertzeko, nahiz eta infektatua ez egon.
 
Merkatuan badaude salgai kako txiki batzuk, eta horiekin oso erraza da akainak osorik ateratzea, zanpatu gabe.  Aurrez aipatu dugun bezala, askoz ere seguruagoa da infestazioa lepokoen edo pipeten bidez prebenitzea eskuz kentzea baino.
 
Pertsonok ere jasan dezakegu akainen infestazioa, bai eta haien bidez sortzen diren gaitzen eragina ere (Lyme gaitza). Zakurrak ez dizkigu akainak pasatzen, berak bezala hartzen ditugu belarretan edo garotan.  Ez dute jauzi egiten zakurretik zakurrera edo zakurretik gizakira.   Animalia bati heltzen diote, haren odola xurgatuz elikatzen dira, askatu eta zenbait egun ematen dituzte ingurunean, belarretan edo sasitan, hartuko dituen beste norbaiten zain, hurrena hari heltzeko.    Ohitura ona izaten da akainak egon ohi diren inguruetan ibiliz gero, etxera itzultzean, dutxan, gorputza ondo begiratzea, bereziki besapeak, izterrondoak eta ilea.