AKAINAK ETA BABESIOSIA
Akain espezie desberdinak daude, lurralde batzuetan oso ugariak direnak edo ez hain ugariak beste batzuetan, eta gehiago erasaten dutenak urtaroaren arabera.
Gure lurraldean akainak ugariagoak izaten dira udazkenean eta neguan, eta akainen bidez sortzen den gaixotasunik ohikoena babesiosia edo piroplasmosia izaten da.
Akainak odola xurgatzen dio babesiak jota dagoen animaliari, parasitoa akainaren barnean ugaltzen da, eta honek beste animalia bati heltzen dionean, parasitoak odolean sartzen dizkio. Babesiak globulu gorrietan barneratzen dira, hautsi egiten dituzte eta anemia bat sorrarazten dute, hilgarria izatera ere irits daitekeena garaiz tratatzen ez bada.
Litekeena da, hasiera batean, gaixotasunaren sintomak oso argiak ez izatea. Zakurra triste egoten da, jateko gogoa galtzen joaten da pixkanaka, eta ondo begiratuz gero, ikusiko dugu gernu ilunagoa egiten duela. Anemia duela antzeman daiteke muki zurbiletatik. Babesiek, anemiaz gainera, beste alterazio batzuk ere eragin ditzakete, barean eta gibelean, bereziki.
Tratamendua garaiz hasten bada, animalia azkar sendatzen da, baina gaitza zabalduta dagoela ekiten bazaio tratamenduari, baliteke odol transfusioak behar izatea, eta animalia hil ere egin daiteke.
Badaude akainen bidez sortzen diren gaitz parasitario eta bakteriano gehiago ere: ehrlichiosia, borreliosia, hepatozoonosi… baina babesiosia da ohikoena gure inguruan.
Zakur jabe askok ohitura dute animaliaren ilean aurkitzen dituzten akainak kentzeko. Akaina helduta eta larruazalari itsatsita badago, litekeena da dagoeneko agente patogenoak barneratuta izatea zakurraren odol korrontera, eta, kasu horretan, txakurra gaixotu egingo da.
Infestazioa saihestea izango litzateke egokiena, heltzen ez uztea, eta, era horretan, gaitza kutsa dezan ekiditea. Horretarako, produktu asko dauzkagu merkatuan. Lepoko batzuk eta pipeta batzuk oso eragingarriak dira, baina akainen aurka egiteko oso baliagarriak direla adierazten duten produktu guztiak ez dira egokiak. Hori dela eta, intsektiziden eraginkortasuna ezagutzen duen profesional baten aholkuak jasotzea komeni da.
Akain bat eskuz kentzen dugunean, kontuz ibili behar dugu gorputza ez zapaltzeko eta likido kaltegarriren batekin ez bustitzeko; izan ere, estimulatu egiten da agente patogenoz beteriko listu-guruina zakurrari barneratzeko. Akaina osorik ateratzen saiatu behar dugu, “burua” (aho ingurua) larruazalean utzi gabe, eta gune horretan infekziorik sorrarazi gabe. Beraz, larruazala desinfektatu egin behar da akaina kendu ondoren. Egoki aterata ere, ohikoa izaten da koskor bat sortzea; denbora behar izaten du biguntzeko eta desagertzeko, nahiz eta infektatua ez egon.
Merkatuan badaude salgai kako txiki batzuk, eta horiekin oso erraza da akainak osorik ateratzea, zanpatu gabe. Aurrez aipatu dugun bezala, askoz ere seguruagoa da infestazioa lepokoen edo pipeten bidez prebenitzea eskuz kentzea baino.
Pertsonok ere jasan dezakegu akainen infestazioa, bai eta haien bidez sortzen diren gaitzen eragina ere (Lyme gaitza). Zakurrak ez dizkigu akainak pasatzen, berak bezala hartzen ditugu belarretan edo garotan. Ez dute jauzi egiten zakurretik zakurrera edo zakurretik gizakira. Animalia bati heltzen diote, haren odola xurgatuz elikatzen dira, askatu eta zenbait egun ematen dituzte ingurunean, belarretan edo sasitan, hartuko dituen beste norbaiten zain, hurrena hari heltzeko. Ohitura ona izaten da akainak egon ohi diren inguruetan ibiliz gero, etxera itzultzean, dutxan, gorputza ondo begiratzea, bereziki besapeak, izterrondoak eta ilea.